3.1. Autonomiako neurriak
Familientzat kostuak orekatzeko neurriak kenkari fiskalen bitartez bideratzen dira nagusiki, eta neurri zuzenak (familientzako transferentziak) ez dira oso esanguratsuak: funtsean, seme-alabak dituzten familientzako laguntzak (255/2006 Dekretuak arautuak) eta lanbidea eta familiako bizitza bateratzeko laguntzak (177/2010 Dekretuak arautuak) daude; biak aurreko kapituluetan aipatu dira.
A. NEURRI FISKALAK
Zerga-neurriak familiei laguntzeko bide nagusietako bat dira. Berez zuzeneko tresna gisa sortu ez diren arren, egia da eragin handia daukatela familian, kostuak orekatzeko neurri gehienak kenkari fiskalen bidez gauzatzen baitira.
Izan ere, gure inguruneko zenbait herrialdetan elkarrekintza– eta koordinazio-maila altuago bat dago gizarte– eta zerga-sistemen artean, eta gizarte-politikak (eta bereziki familiei laguntzekoak) bi sistemak barne hartzen dituen eredu baten bidez diseinatzen dira, osagarriak dira-eta.
Neurri horien analisia hasi baino lehen, garrantzitsua da EAEko zerga-erregimen espezifikoa laburki testuinguruan kokatzea, erregimenak ahalbidetzen baitu eredu hori. Bertan, lurralde historikoek daukate arautzeko eta betearazteko eskumena (lurralde bakoitzeko batzar nagusiek daukate zerga-arauak onartzeko ardura, eta foru-aldundiak zergak kudeatzeaz, likidatzeaz, biltzeaz eta ikuskatzeaz arduratzen dira); Zerga-Kideketarako Sailak, ordea, haien arteko harmonizazioaren, koordinazioaren eta lankidetza fiskalaren alde egiten du.
Oro har, baiezta daiteke lurralde historikoen artean ez dagoela desberdintasun nabarmenik familiari buruzko zerga-araudian, Bizkaia eta Araba eta Gipuzkoaren artean desberdintasun txiki batzuk badaude ere.
Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren bidezko neurriak
Familientzako zerga-onura nagusiak foru-araudian aurki daitezke, funtsean Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan.
PFEZ autonomiako araudiaren menpe dagoen zerga itundu bat da, eta haren ordainarazpena foru-aldundi eskudunari dagokio, lurralde historikoaren arabera. Erlatiboki birbanatzen duen zerga bat da, errenta pertsonala gizabanako bakoitzaren egoeraren arabera zamatzen baitu.
Familientzat kostuak orekatzeko neurrien ikuspegia nagusiki bide horren bidez antolatuta dago. Horren ondorio nagusietako bat da PFEZren aitorpena aurkezteko gaitasuna daukaten pertsonek baino ezin dietela neurri horiei etekina atera. Horrek metodoaren gehikortasuna murrizten du (printzipioz familia ahulak konpentsatzeko diseinatuta dago, zeren ondorengoagatiko, aurreko ahaideagatiko edo mendetasunagatiko kenkariak barne hartzen baititu). Hau da, diru-sarrera maila eta egitura zehatz bat daukaten pertsonek eta familiek bakarrik edukiko dute sistemaz baliatzeko aukera, eta ekonomikoki benetan ahulenak diren familiak hortik kanpo geratuko dira.
“Garrantzitsua da aintzat hartzea zerga-onura horiek errenta-maila zehatz bat daukaten pertsonenganaino soilik heltzen direla. Hau da, diru-sarrera urriak edukitzeagatik PFEZren aitorpena aurkezteko betebeharrik ez duenak ez die zerga-politika horiei onurarik ateratzen”.
(Herri-administrazioekin izandako elkarrizketak)
Ereduaren unibertsaltasun falta horrek eztabaida argi bat ekartzen du beren egoera administratibo edo ekonomikotik eratorritako zerga-onurarik lortzen ez duten pertsonen inguruan eta sistema hori, unibertsaltasunean sakontzeko, beste arau-mota batzuen bitartez (adibidez, errentaren gaineko zerga negatiboa edo berreskura daitezkeen kenkariak) hobetzeko aukeraren inguruan1.
Errentaren gaineko Zerga Negatiboaren (EZN) kasuan, ongizateko diru-sarrera minimoko atalase bat ezartzen da eta beren bitartekoen bidez, zerga nahikoak atxiki ez bazaizkie ere, atalase horretaraino heltzen ez diren familiei ordaintzen zaie; horrela, diferentzialaz transakzio garbi bat ezartzen da.
Berreskura daitezkeen kenkariak, aldiz, EZNren ideiaren garapen bat dira, baina gizarteratze aktiboko ikuspuntu handiago bat daukate. Izan ere, ez dute zigortzen bermatutako gutxieneko prestazioa lan ordaindu batekin bateratzea, maximo ekonomiko bat gainditzen ez bada. Berreskura daitezkeen kenkariekin, lan ordaindu bat edukitzeak ez du gizarte-prestazioa ezabatzen; aitzitik, gutxitu egiten du eta osagarri ekonomiko bihurtzen du, lan egitea zigortu ordez hori osatzeko.
Txosten honetan, mota horretako sistemek Europan daukaten presentzia analizatuko da. Era berean, horrelako neurriek iruzkintzen ari garen zerga-sistematik kanpo geratzen diren familia-ereduen egoera ekonomikoa hobetzeko dauzkaten posibilitateak eta familiei laguntzeko politiketako euskal sisteman sartzeko aukera aztertuko dira.
Nolanahi ere, eta jarraian antzeman daitekeenez, PFEZ familia-kosteak zentzu zabalean eraginkortasunez orekatzean eragin handiena daukaten tresnetariko bat da2. Izan ere, haurrei, adinekoei, ezgaitasunari nahiz mendetasunari lotutako neurri zehatzak ezartzen ditu eta, horrez gain, ahultasun-egoeran dauden familia-mota jakin batzuen babesa hartzen du kontuan. Honako neurriak erabiltzen ditu:
Neurri orokorrak (familia-mota guztientzat)
Haurrei lotutako familientzako neurri espezifikoak
Ezgaitasunari eta mendetasunari lotutako familientzako neurri espezifikoak
Adinekoei lotutako familientzako neurri espezifikoak
Neurri horien muntak zehaztasun gehiagorekin ezagutzeko eta horrela Europako kopuru batzuekin (hurrengo kapituluan eskainiko dira) konparatu ahal izateko, 1. eranskineko 1. taula kontsulta daiteke. Bertan, txosten hau egiteko datan indarrean dauden muntak agertzen dira, lurralde historikoaren eta kenkari-motaren arabera sailkatuta.
Beste bide fiskal batzuen bitartez
Ziurrenik PFEZ familientzat kostuak orekatzeko tresna fiskal nagusia den arren, familietan eragin handia daukaten beste tresna fiskal batzuk ere badaude, hala nola Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zerga, edo zeharkako zergak, Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) kasu.
Aurreko neurrietan bezala eta Familiei Laguntzeko 13/2008 Legeak araututakoaren ildoan, neurri horiek orobat familia ahulentzako babes berezia xedatzen dute eta familiaren arloan ondorioak dauzkaten hainbat talderi eragiten diete. Neurri nagusienen artean hauek nabarmendu daitezke:
B. KOSTUAK OREKATZEKO BESTELAKO NEURRIAK
Atal honen hasieran aipatu denez, neurri fiskalak ez ezik familientzako zuzeneko transferentzia ekonomikoak ere badaude. Hala ere, neurriok ez dira ekonomikoki oso esanguratsuak kapitulu honetan aztertu ditugun gainerakoei dagokienez (hurrengo kapituluko konparazioan egiaztatu ahal izango denez) eta hazieraren kostuekin eta lanbidea, familiako bizitza eta norberaren bizitza bateratzearen sustapenarekin daukate zerikusia nagusiki. Honako hauek aipatzen ari gara: ardurapeko semeagatiko eta/edo alabagatiko, erditze edo adopzio nazional anizkoitzagatiko eta nazioarteko adopzioagatiko diru-laguntzak (seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuak araututakoak) eta seme-alabak edo mendetasun-egoeran edo osasun-egoera larrian dauden senideak zaintzeko eszedentzia hartu edo lanaldia murriztu duten langileentzako, horiek ordezteko eta semeak eta/edo alabak zaintzeko langileak kontratatzeko diru-laguntzak (familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuakaraututakoak).
Azken horiei eta haien eraginkortasun eskasari lotuta, Erakundeen Arteko III. Planak zera onartu du: “badirudi erakundeek uztarketarako eskainitako aukeren arrakasta erlatiboa dela”. Izan ere, alde batetik, “uztarketarako laguntzen ezagutza nahikoa urria da; eta, oro har, ez oso sakona” eta, bestetik, diru-zuzkidura urria da eta, beraz, familia-politiketako gastu publikoaren batez bestekoari dagokionez Europarekin bat etortzeko aurrera egiten jarraitu behar da: “familia politikan, nahiz eta krisi egoeran egon, gastu soziala euskal BPGaren %2,2ra hurbiltzea mailaka, horrela europar batez bestekoarekin bat egiteko”.
Horrenbestez, eta lanbidea, familiako bizitza eta norberaren bizitza bateratzen laguntzeko neurriak oro har unibertsalak badira ere –txosten hau idaztean horri buruz eztabaidatzen ari garen arren–, ekintza horiek gastu publiko murriztua daukate, hurrengo analisi-taulan ikus daitekeenez, talde onuradunak, muntak eta kanpoan uzteko egon daitezkeen irizpideak identifikatzen baititu.
1. eranskineko 2. taulan mota horretako neurrietarako xedatutako zenbatekoen zerrenda zehatz bat ikus daiteke; bertan, EAEn bateratzearen arloan dauden laguntzen tipologiak deskribatzen dira, laguntza-mota, erregulatzen duen araudia, onuradunak, lortzeko irizpideak eta araututako muntak adieraziz.
1 Errentaren gaineko Zerga Negatiboaren kontzeptua jatorriz Augustin Cournotek asmatu zuen eta Juliet Rhys-Williamsmek garatu zuen, baina Milton Friedmanek (1962) eta James Tobinek (1968) sakondu zuten gehien horretan. Bestalde, berreskura daitezkeen kenkarien kontzeptuari dagokionez esan daiteke haren eboluzio bat direla; horri buruzko txosten espezifiko bat hemen kontsulta daiteke: SIIS (2013b).
2 EAEn, 2009an, “Familia-kenkariek eta kenkari pertsonalek –ondorengoengatiko, seme-alaben mantenurako urtekoengatiko, aurreko ahaideengatiko, mendetasunagatiko eta adinagatiko kenkariak barne hartzen baitituzte– 527 milioi euro gainditu zituzten”. Hori “gizarte zerbitzuetako gastu publikoaren heren bat da gutxi gorabehera, prestazio ekonomikoak zein zuzeneko arretako zerbitzuak barne hartuta” (SIIS, 2013b).